XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dugu inola ere amore emango

Estatu espainoleko gartzela ezberdinetan atxiloturik gauden euskal preso politikoak Euskal Herriari, eta orohar eritzi publikoari, zuzentzen gatzaizkio, aditzera emateko Estatu espainolak bereziki gure aurka, eta era berean gure Herriaren gaindi, berriro indarrean ipini duen eraso errepresibo-polizialari aurre egiteko erabaki irmoz darraigula.

Berriz ere jakin arazi nahi dugu, Estatu espainolak Euskal Herriarekin daukan arazo politiko eta militarrari ez zaiola konponbiderik eman ahalko hartu dituzten neurri errepresibo-polizialak direla medio, baizik eta Estatu espainolarengandikako gure Herriaren Subirotasun Nazionalaren onarpenaz eta, halaber, erreformak bizi duen ekidin-ezinezko porrotaren onespenaz.

Beraz onarpen horiek KAS Alternatiba bezalako gutxienezko oinarridun Negoziaketa Politikoaren bitartez egin dadila aldarrikatzen dugu, gure Subirotasun Nazionalaren iharduera eta berreraikuntza nazionala bideratu ahal izateko.

Jakitun gara, Herria bere subirotasuna berreskuratzeko ordaintzen ari den prezioaren parte bat dela gure gartzelaldia, eta inposatzen dizkiguten neurri errepresibo guztiek helburu bakar bat baino ez dutela, hots, isiltasunera kondenatuak izan gaitezen eta erresistentzia politikorako gure borondate tinkoa lur araztea, zeina sekulan lortuko ez duten.

Ez da nahigabekoa botere errealeko gestore ezberdinen aldetik gauzatzen ari den gurekiko ankerkeria.

Azken hamabi urteotan Kolektibo hau gorpuztu dugunok borroka fronte bat gehiago sortu, elikatu eta indartu dugu Estatu espainolaren eta Euskal Herriaren arteko borroka orokorrean.

Eta gutako bati askatasuna ukatzen zaion une beretik badaki bere tokia hemen barruan dagoela, bertako baldintzek mugatzen duten arauera baina une oro bat egin beharko duela argi asko ezagutzen dituelarik borrokak eskaintzen dizkion benetazko ekintza eta partaidetzarako aukerak.

Gisa honetan, guregain entseiatzen dituzten mila experimentu errepresibo eta hainbat gehiagoren gainetik, presoen Kolektibo bateratu eta egituratu baten izateak laguntzen digu gartzela ekarri gintuzten helburu eta kontzeptzio politikoekiko fidel irauten; horien artean, oinarrizkoena, gaur egungo sistema politikoak ez duela Euskal Herriaren biziraupenerako aukera errealik eskaintzen, zeina, hain zuzen, onartezina iruditzen zaion bere burua demokratikoa uste duen Estaduari, edozein helburu politiko bere baitan onesteko gai dela baieztatzen duen bitartean.

Estaduak, egungo egoeraren nolakoa sustraitik kolokan jartzen duen oposizio errealen agerpenak oro deuseztatuak izan daitezen behar du, egun dauden errefus mailak oro berbideratu, eta erresistentzia erreal oro iraultzaile ezaugarririk gabeko itzalpeko kritika hutsal bihur arazi.

Arestiko azterketa honen bitartez bakarrik uler daiteke azken aldiko Estatuaren politika, preso kontsekuenteen aurkako sarraskia eta erresistitu ahal izan ez dutenen erreinsertzioa, gartzela estrategiaren oinarrizko ardatza berau.

Guri dagokigunez, gartzelatik borrokatzea ez da borondatez dagigun iharduera.

Estatu espainoleko gartzelak ezagutzen dituenari ez zaio zail gertatuko asmatzea zenbatekoa den Euskal Herriko beste gizon eta emakumeekin batera borrokatzeko daukagun gogoa.

Baina gure militantzia politikoak hona ekarri gaituenez, hemendik, gure ezin sobornatuzko salaketaz jarraituko dugu marko politikoa kolokan jartzen, zeinaren birrintzearen beharrak eraman gintuen erabaki neurtu hau hartzera, eta zeinarekin koherente izan nahi dugun.

Gure Herria traiziona dezagun espero dutenen aurrean, eta baita euskal preso politiko garenok geure buruen aurrean ere, begibistakoak diren zintzotasun arrazoi eta koherentzia politikoarengatik zera adierazten jarraituko dugu, uko egin behar diogula egungo marko politikoaren aldaketarekin bat etorriko ez den gartzelatik ateratzeko edozein neurriri.

Gaur egungo baldintzetan, hala Euskal Herriari inposatutako Constituzioa dela alde batetik Moncloako Estatutoan eta Amejoramenduan mozorrotu eta garatua, eta hain lagunkiro eta efikazki gure Herria genozidiora kondenatzen duena, nola Subirotasun Nazional ttikiena ere eskatzeko gai ez den euskal burgesia belaunbikatua dela bestalde, ezin dezakegu ETA erakundearen eta Estatu espainolaren arteko negoziaketa politikoaren ezinbestekotasuna besterik aldarrikatu, hori bait da funtsezko marko politiko demokratikora heltzea posible bilakatu duen bitarteko bakarra, euskal nazioaren izatea errespetatuz guztion partaidetza posible egingo duen joko legeen ezarpenerako bitarteko bakarra: KAS Alternatibaren markoa.

Erabaki politiko hau hartzen ez den bitartean, gartzelatikako gure kaleratzeak ez luke espetxeen behin behineko hustutze bat besterik suposatuko, zeinak segidan berriro betetzen hasiko liratekeen gure opzio eta kontsiderazio berberengatik jokatzen jarraituko duten beste militante batzuez.

Horrela, oraindaino garatutako borroka alferrik galdu besterik ez genuke egingo, eta osterantzean Askapen Nazionalerako Prozesu berri bati ekin.

Aljeriako Elkar Hizketak amaituz gero berrekindako ETA Erakundearen eta Estatuaren arteko enfrentamendu sasoian sartuta, PSOEren Gobernuak bere makina errepresiboa berrindartu du Euskal Nazio Askapen Mugimendua jo eta zauritzeko asmoz.

Gure erakundearen gaitasun operatiboak eta Erakunde Armatuaren posizioen aurrerapenak gelditzeko poliziaren ezintasunak, zeharkako presio bideak bilatzera bultzatu dute Gobernua, enfrentamenduaren parametroak bere posibilitate eta interesen faboretan kokatu ahal izateko txantaia formularen bila, alegia.

Eta 1989.ko uztailean, formulari aurkitu dioten soluzioa Euskal Preso Politikoei presio eginaz, errepresio makinaren bortizkeria indartuz, heuren rehenen zintzurra estutuz, Estatuko Gobernuak gure erakundeari txantaia egin nahi dion arren, erratu egin dira.

Erratu egin dira erabat, euskal preso politikook erabiliak izan eta gure Herriaren aurkako instrumentu bihurtzea onartuko dugula pentsatzen baldin badute.

Ez dugu onartuko gure senideen aurkako ENAMeko egituren kontrako eta gure herri eta abertzalekideen aurkako txantaiarik.

Fronte honetatik eutsi egingo diogu Estatuak luzatutako enbidoari bere kontra bilaka dadin: hori da gure betebeharra, eta horretan gaude.

Euskal preso politikook beharturik gaude guri aitzi jaurtitako eraso honi erantzutera, gure egoeraren arduradun bakarrak nortzuk diren jakin araztera, eta heurek hartutako ardurak salatzera.

Gure existentzia baldintzen mugen gainetik, egin beharreko borroka moduaren mugen gainetik, gutako askok bizkarrean daramatzagun gartzela zigor urteen gainetik, eta geure buruen ezin defendatzeko behartu diguten egoera honen gainetik, gurekin gauzatu nahi den exterminio eta akabera politikoa salatuko dugu Herriarekin baterako borroka kontsekuente eta dinamikoaren bitartez.

Euskal preso politikook borroka politiko-erreibindikatibo bati ekingo diogu abuztuaren lehen egunetik aurrera, mugagabeko txapeo eran eta segidakoak esijituz: - euskal preso politiko guztion berrelkartzea: - gu guztiontzako errejimenaren berdintzea: gure egoeraren arrazoiak, uste sendoak eta konponbideak berberak bait dira gure arteko bereizketa eta diferentziarik gabe.

- Preso sozialengandiko bereizketa: arazo eta dinamika bereziak bait ditugu, nahiz eta bizi dituzten nagusikeriak, erasoak eta zigorpeko egoera larriak ezagutzera ematen ditugun.

- Gartzela barruko bizi baldintzen hobekuntza (eskubide bait da eta ez pribilejio): senitarteko eta lagunen asteroko bixiten gehiketa; benetazko osasun baldintza eskubideak; lan eta ikasketa eskubidea; zut eta formazioan eginiko zenbaketek eta katxeo bakoitzeko biluztu behar izateak suposatzen duen umilazio eta irainaren ezabaketa; ikasketa eta eskulanetarako gelen egokipena; intimitate eskubidea, eta komunikazio eta gutunetako interbentzioen ezabaketa; elikadura eskubidea eta jakiak murrizketarik gabe eskuratu ahal izatekoa; euskaraz, gure hizkuntza nazionalaz komunikatu ahal izateko eskubidea; defentsa juridiko eta asistentzia penitentziario eskubidea; gutunak mugagabe igorri eta jasotzeko eskubidea; senide eta lagunekin vis-a-vis moduan komunikatu ahal izateko eskubidea; liburu eta ikasketa osagaien mugarik gabeko irakurketa eskubidea.

Badakigu gurekin gauzatu nahi duten exterminio eta instrumentalizazio politikaren aurrean borroka zaila eta latza izango dela, baina gisa berean argi dakusagu arrazoia eta gizalegeko helburua gure alde dagoela eta gure erresistentziak negoziaketa politikoaren garapena bizkortuko bide duela.

Horregatik, erreibindikazio hau gure borroka-estratejia politiko orokorrarekin batera dator KAS Alternatibako osagai den amnistia osoaren erdiesteko bidean. EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOA.